lunes, 23 de marzo de 2015

Mitologia

Japoniako kulturan, ohikoak dira mamuak, izpirituak eta jainkoak. Eta honen adierazgarri bezala ikus dezakegu beldurrezko gaiak lantzen dituzten liburu, komiki eta pelikula mordoa.
Japonia da ezagutzen dudan herrialde aberatsenetarikoa mitologia kontuan. Non Non Ba komikian adibidez, ehundaka izpiritu eta mamu deskribatzen dira, ahoz aho zabaldu diren ipuinen bidez. Hiru ataletan banaturiko idatzia luzatu nahi dizuet, lehenengoa, irakurtzen ari zaren hau, mitologia klasikoaren inguruan, hau da, Japoniako izaki mitologiko gutxi batzuen bilduma.

Kappa
Laku eta erreketan bizi den deabrua da Kappa, baina sintoismoan uraren jainkotzat hartua da. Haur heldu baten altuerako izakia da, pertsona baten antza duelarik baina narrasti batzuen ezaugarriekin, hala nola dortokaren mokoa eta oskola, ezkataz babesturiko azal berdea eta uretan iaioa.

Esaten omen denez, Kappek haurrak uretan ito egiten dituzte jan aurretik, nahiz eta beste esamesa batzuek itotako haurrak Kappa ere bihurtzen direla dioten. Dena den, argi dagoena zera da, haurrak uretatik urrun mantentzeko gurasoek erabilitako kondaira dela.
Akaname

Japonian aspaldidanik eman zaio garrantzi ikaragarria egunero bainu bat hartzeari eta bainugela oso garbi mantentzen dute beti. Zergatik? Hona hemen arrazoia. Akaname bainugela zikina egotekotan agertzen den deabrua da, bainuontzian agertutako zikinkeriak miazkatzeko. Azal gorria eta mingain luzea dituen izakia da, zikinkeria edozein zulo ezkututatik ere miazkatzeko gai. Berak ez die  inolako minik ematen pertsona arruntei, baina beste izaki arriskutsuagoak erakarri ditzake denbora luzez zure etxean geratzekotan.
Kodama
Nik Miyazakiren Mononoke printzesa pelikulan ezagutu nituen izaki zoragarri hauek. Basoetako zaindariak dira eta natura babestea da beraien helburua. Txikitxoak dira, pertsonen itxurakoak nahiz eta batzuetan erdi garden ager daitezke begi aurrean desagertuz. Hala ere, oso indartsuak dira eta normalean bakezaleak diren arren, norbaitek natura suntsitzearen ondorioz asaldatzen badira, mendeku bila joan daitezke bere bila.

Shinigami
Heriotzaren jainkoak dira berez, nahiz eta historian zehar ezaugarri ezberdinak izan dituzten. Normalean pertsona batek bere buruaz beste egitera animatu egiten dute, beraien ondoan dagoen pertsonari hiltzeko gogoak sortzen zaizkiolarik. Death Note manga famatuan adibidez, liburuxka beltza bat dute gainean, non norbaiten izena bertan idatzi ondoren, pertsona hori hiltzeko ahalmena duten.




No hay comentarios:

Publicar un comentario